2006/03/08

JUDAS

Agurra

1 Nik, Judasek, Jesu Kristoren zerbitzari eta Santiagoren anaia honek, zuei idazten dizuet, federa deituak izan zaretenoi, Jainko Aitak maite eta Jesu Kristok zaintzen zaituztenoi. 2 Errukia, bakea eta maitasuna oparo izan ditzazuela.

Gutunaren arrazoia: Sasimaisuak

3 Ene maiteok, gogo bizia nuen denoi dagokigun salbamenaz zuei idazteko; baina, orain, beharrak agindurik idazten dizuet eta arren eskatzen borroka egin dezazuela fedearen alde, Jainkoarenak direnei behin betiko eman zaien fedearen alde. 4 Izan ere, bada hor azpikeriaz sartu zaizuen zenbait, aspaldidanik Liburu Santuak kondenatutzat emana, jende sinesgabea. Gure Jainkoaren onginahia jokabide biziotsurako aitzakiatzat hartzen dute eta Jesu Kristo, gure Jaun eta Jabe bakarra, ukatzen.

Iraganeko zigor-adibideak

5 Hau guztia ongi baino hobeki dakizuen arren, berriro gogoratu nahi dizuet. Jaunak*, Israel herria Egiptotik atera ondoren, galdu egin zituen sinetsi ez zutenak. 6 Aingeruak ere, beren maila gorde nahi ez eta zegokien tokitik alde egin zutenak, Jainkoak ilunpetan gorderik dauzka, katez betiko loturik, auzi-egun handiaren zain. 7 Sodomak eta Gomorrak eta inguruko hiriek ere, aingeruek bezala, lizunkeriara eta naturaren kontrako bizioetara emanak* zeudelako, betiko suaren zigorra jasan zuten, eta hor gelditu dira guztien eskarmenturako.

Sasimaisuen aurka

8 Hala eta guztiz ere, zuen arteko horiek, beren ameskeriek liluraturik, beren gorputza kutsatzen dute, Jaunaren agintea gutxiesten eta maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien* kontra. 9 Mikel goiaingeruak berak ere ez zuen horrelakorik egin: Moisesen gorpua nork eramango deabruarekin tirabiran zebilela, ez zen ausartu hari ezer iraingarririk esaten; «Jaunak zigor zaitzala» besterik ez zion esan*. 10 Horiek, berriz, ezagutzen ez dutena ere iraindu egiten dute, eta arrazoigabeko senez, animaliek bezala, ezagutzen dutena galbide gertatzen zaie.

11 Errukarriak horiek benetan! Kainen bidetik jo dute, diru-gosez Balaamen okerbidean sartu dira eta, Kore bezala, beren errebeldiagatik galdu. 12 Hori lotsa! Zuen elkarte-otorduetan jan-edanean jarduten dute lasai, beren buruak gizentzen. Haizeak daramatzan eurigabeko laino dira; udazkenean fruiturik ematen ez duten arbola, bi aldiz hilak, sustraitik atereak; 13 itsasoko olatu haserreak dira, beren lotsarien aparra botatzen dutenak; izar iheskorrak, betikotasun guztirako ilunpe beltzak zain dauzkatenak.

14 Horiei buruz iragarri zuen Henokek ere, Adamengandik hasi eta zazpigarren patriarkak, profezia hau*: «Hara, Jauna bere milaka eta milaka santurekin dator 15 mundu guztia epaitzera eta gaizkile guztiak kondenatzera, egin dituzten gaiztakeria guztiengatik eta bekatari sinesgabeok Jainkoaren kontra esan dituzten irain guztiengatik». 16 Gaizki-esale dira, beti kexu, beren grinen arabera dabiltzanak; harrokeria besterik ez dute ahoan, eta beren probetxurako lausengatzen dute jendea.

Elkarteari oharpenak eta gomendioak

17 Zuek, ene maiteok, gogoratu Jesu Kristo gure Jaunaren apostoluek aurrez iragarria: 18 «Azken garaietan gizon isekariak izango dira, beren grina zitalen arabera ibiliko direnak». 19 Zatiketak sortzen dituztenak dira horiek, giza mailan bakarrik bizi den jendea, Espirituak gidatu gabea.

20 Baina zuek, ene maiteok, jarrai ezazue zeuen bizitza sinesmen txit santuaren oinarri gainean eraikitzen. Egin otoitz Espiritu Santuaren eraginez; 21 zaudete tinko Jainkoaren maitasunean, betiko bizitza emango dizuen Jesu Kristo gure Jaunaren errukiaren zain.

22 Erruki zaitezte zalantzan dabiltzanez; 23 salba itzazue, sutatik ateraz; gainerakoez izan erruki, baina kontu handiz, beren jokabide txarraz kutsatu duten jantzia bera ere gorrotatuz*.

Azkena: Aintza Jainko bakarrari

24 Bekatuan erortzetik gorde eta bere presentzia aintzatsuan akatsik gabe eta pozez beterik agerrarazi zaitzaketenari, 25 gure salbatzaile den Jainko bakarrari, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, aintza, handitasuna, ahalmena eta agintea betidanik, orain eta beti. Amen.

03_JOAN

Agurra

1 Nik, Jaunaren ikasle zahar honek zuri, Gaio* adiskide, egiaz maite zaitudan horri, idazten dizut.

2 Adiskide maite, espirituz ongi doakizun bezala, beste gauza guztietan ere ongi joan dakizula eta osasuna izan dezazula.

Gaio goratuz

3 Biziki poztu naiz, anaiek etorri eta zure jokabide leialaz hitz egin didatenean, egiaren arabera bizi zarela aitortuz. 4 Ezerk ez dit poz handiagorik ematen, nire seme-alabak egiaren arabera bizi direla entzuteak baino.

5 Adiskide maite, zintzo jokatzen duzu senideen* alde egiten duzun guztian, nahiz eta beraiek arrotz izan zuretzat. 6 Beraiek hitz egin dute gure eliz elkartearen aurrean zure harrera onaz. Ongi egingo duzu biderako behar dutena Jainkoari berari bezala ematen badiezu. 7 Zeren Kristorengatik* abiatu baitira, jentilengandik ezer ere hartu gabe. 8 Beraz, lagundu egin behar diegu horrelakoei, egiaren zerbitzuan berorien lankide bihur gaitezen.

Diotrefes handizalea

9 Gutun txiki bat idatzia diot eliz elkarteari*, baina Diotrefesek, dena bere esku izan nahi duen horrek, ez du gure aginpidea onartzen. 10 Horregatik, joango naizenean, bere jokabidea aurpegiratuko diot, gure aurka gaizki-esaka ari baita; eta, hori gutxi bailitzan, senideak ere ez ditu onartzen, eta onartu nahi dituztenei eragotzi egiten die eta eliz elkartetik botatzen. 11 Adiskide maite, ez jarraitu jokabide txarrari, onari baizik. On egiten duena Jainkoarena da; gaizki egiten duenak, berriz, ez du Jainkoa ikusi.

Demetrio zintzoa

12 Demetriori* buruz guztiek hitz egiten dute ongi, eta hark zabaltzen duen egiak ere beraren alde testigatzen du. Guk ere, bai, testigantza egiten dugu, eta badakizu gure testigantza egiazkoa dena.

Azken agurra

13 Badut zuri zer esanik asko, baina ez dut tintaz eta lumaz egin nahi. 14 Aurki ikusiko zaitudala espero dut, eta aurrez aurre hitz egin ahal izango dugu.

15 Bakea zurekin.

Adiskideek agur egiten dizute. Zuk ere agurtu adiskideak banan-banan.

02_JOAN

Agurra

1 Nik, Jaunaren ikasle zahar honek, Jaunak aukeraturiko eliz elkarte horri eta eliztar guztioi* idazten dizuet. Egiaz maite zaituztet nik, eta nik ez ezik, bai eta egia ezagutzen duten guztiek ere, 2 guregan irauten duen eta betiko gurekin izango den egiarengatik. 3 Grazia, errukia eta bakea zuekin, Jainko Aitaren eta beronen Seme Jesu Kristoren partetik, egiaz eta maitasunez.

Elkar maitatu

4 Biziki poztu naiz jakitean zuen artean badirela egiaren arabera bizi direnak, Aitarengandik hartu dugun aginduari jarraituz*. 5 Eta orain, eliz elkarte agurgarri horri, arren eskatzen dizut elkar maita dezagula. Ez dizuet agindu berri bat idazten, hasieratik duguna bera baizik. 6 Eta maitasuna Jainkoaren aginduen arabera bizitzea da. Eta hasieratik entzun duzuen bezala, agindu hau da zuen jokabidea arautu behar duena.

Kontuz antikristoekin

7 Engainatzaile asko sortu da munduan, Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen ez duen asko. Hauek dira engainatzailea eta antikristoa. 8 Ibil zaitezte kontuz, gure lanaren fruitua* gal ez dezazuen, sari oparoa jaso dezazuen baizik. 9 Kristoren irakatsietan iraun gabe, aurrerago joan nahi duenak ez du Jainkoa berekin. Irakatsietan dirauenak, berriz, berekin ditu Aita eta Semea. 10 Norbait zuengana joan eta irakatsi hau ez badarama, ez onartu etxean, ez eta agurtu ere*; 11 halakoa agurtzen duena haren egintza gaiztoen partaide egiten da.

Azken agurra

12 Zuei zer esanik asko dudan arren, ez dut paperez eta tintaz egin nahi. Zuengana joatea espero dut eta aurrez aurre hitzegitea; horrela poz bete-betea izango dugu elkarrekin.

13 Jainkoak aukeratu duen eta zure ahizpa den eliz elkarte honetako* kideek agurtzen zaituzte.

01_JOAN

Begizko testiguaren iragarpena

1,1 Hasieratik zen biziaren hitza, entzun eta geure begiz ikusi duguna, begiratu eta geure eskuz ukitu duguna, iragartzen dizuegu. 2 Izan ere, bizia agertu egin zen, ikusi egin dugu eta beronen lekuko gara*; Aitarekin zegoen eta guri agertu zitzaigun betiko bizia iragartzen dizuegu. 3 Ikusi eta entzun duguna dizuegu zuei ere iragartzen, zuek ere gurekin elkartasunean* bizi zaitezten. Eta gure elkartasuna Aitarekin eta honen seme Jesu Kristorekin da. 4 Eta gauzok idatzi, gure poza* bete-betea izan dadin idazten ditugu.

Jainkoa argia da

5 Hona hemen Jesu Kristogandik entzuna dugun mezua eta zuei iragartzen dizueguna: Jainkoa argia da, eta berarengan ez da inolako ilunik. 6 Berarekin elkartasunean bizi garela esan eta ilunpetan baldin bagabiltza, gezurra diogu eta ez gara egiaren arabera ari. 7 Baina argitan bagabiltza, Jainkoa ere argitan dagoen bezala, elkartasuna dugu geure artean, eta haren Seme Jesusen odolak bekatu guztitik garbitzen gaitu.

Bekatuari uko egin

8 Bekaturik ez dugula esaten badugu, geure burua engainatzen dugu, eta egia ez dago gure baitan. 9 Geure bekatuak aitortzen baditugu, ordea, leiala eta zuzena den Jainkoak bekatuak barkatu eta gaiztakeria orotatik garbituko gaitu. 10 Bekaturik ez dugula egin esaten badugu, gezurti egiten dugu bera, eta haren mezua ez dugu geuregan.

2,1 Seme-alabatxook, bekaturik egin ez dezazuen idazten dizuet hau. Baina, norbaitek bekatu egiten badu, badugu Laguntzailea* Aitaren aurrean: zuzena den Jesu Kristo. 2 Hark bere burua eskaini zuen gure bekatuak barkatzeko, eta ez gureak bakarrik, bai eta mundu osoarenak ere.

Bete aginduak, maitasunarena batez ere

3 Jainkoaren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu bera ezagutzen dugula. 4 «Ezagutzen dut Jainkoa» esan eta haren aginduak betetzen ez dituena gezurti da, eta egia ez du beregan. 5 Haren mezua onartzen duenarengan, berriz, Jainkoaren maitasuna* bere betera iritsi da: horrela dakigu berarekin bat eginik gaudena. 6 Jainkoarekin bat eginda dagoela dioenak, Jesusek jokatu zuen bezalaxe jokatu behar du.

7 Ene maiteok, ez dizuet agindu berririk adierazten, antzinakoa baizik, hasieratik izan duzuena. Entzun zenuten mezua da antzinako agindu hau. 8 Hala ere, adierazten dizuedan agindua berria da; hori egia dela Kristorengan eta zuengan agertzen da, desagertzen ari baita iluna eta argi egiten du jadanik egiazko argiak. 9 Argitan dagoela esan eta senideari gorroto diona ilunpetan dago oraindik. 10 Senidea maite duena argitan dago eta ez du ezerk eroraraziko*. 11 Bere senideari gorroto diona, berriz, ilunpetan dago, ilunpetan dabil eta ez daki nora doan, ilunak itsutu egin baitizkio begiak.

Sinestedunak munduaren aurrean

12 Zuei, seme-alabatxooi, diotsuet: Barkatu zaizkizue bekatuak* Jesusen bitartez.

13 Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura.

Zuei, gazteoi, diotsuet: Garaitu duzue gaiztoa.

14 Zuei, seme-alaboi, diotsuet: Ezagutzen duzue Aita. Zuei, gurasooi, diotsuet: Ezagutzen duzue hasieratik zen hura. Zuei, gazteoi, diotsuet: Indartsu zarete eta Jainkoaren mezua zuengan tinko dago eta garaitu duzue gaiztoa.

15 Ez maitatu mundua, ez eta munduko gauzak ere. Mundua maite duenak ez du bere baitan Aitarenganako maitasunik. 16 Izan ere, munduan dagoen guztia —grina txarrak, begietatik sartzen denaren gutizia eta aberastasunen harrokeria*— ez dator Aitarengandik, mundutik baizik. 17 Mundua eta beronen grinak iragan egiten dira; Jainkoaren nahia betetzen duenak, berriz, betiko irauten du.

Kontuz Kristoren etsaiekin

18 Seme-alabok, azken ordua da. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela. Hara bada, antikristo asko agertu da dagoeneko, eta hori da azken orduaren seinalea. 19 Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan guretarrak. Guretarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen. Alabaina argi gelditu behar zuen guztiak ez zirela guretarrak.

20 Zuek, ordea, Kristok emandako Espiritu Santua duzue zeuen baitan eta denok ezagutzen duzue egia*. 21 Idazten badizuet, ez da egia ez dakizuelako, badakizuelako baizik, eta badakizue egiatik gezurrik batere ez datorrela. 22 Nor da gezurtia Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik? Horixe da antikristoa, Aita eta Semea ukatzen dituena. 23 Semea ukatzen duenak Aita ere ukatu egiten du. Semea aitortzen duenak Aita ere berekin du.

24 Zuek eutsi tinko hasieratik entzun duzuen mezuari. Hasieratik entzun duzuenari eusten badiozue, Aitarekin eta Semearekin bat eginda egongo zarete. 25 Eta hau da Kristok egin zigun agintzaria: betiko bizia.

26 Engainatu nahi zaituztenei buruz idatzi dizuet hau. 27 Baina zuei dagokizuenez, Jesusengandik hartu duzuen Espirituak zuengan irauten du eta ez duzue inork irakatsi beharrik, zeren haren Espirituak dena irakasten baitizue, eta irakaspen hau egiazkoa da eta ez gezurrezkoa. Beraz, hark irakatsiaren arabera, zaudete Kristorekin bat eginda.

Sinestedunen itxaropena

28 Beraz, semetxook, zaudete Kristorekin bat eginda, bera agertzean konfiantza osoa izan dezagun, eta etorriko denean, lotsaturik, harengandik urrun geldi ez gaitezen. 29 Hark Jainkoaren nahia egiten duela baldin badakizue, jakizue halaber Jainkoaren nahia egiten duen oro harengandik jaioa dela.

3,1 Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu. 2 Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean*, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura. 3 Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

Bekatuari uko egin

4 Bekatu egiten duen orok gaizki jokatzen du, bekatua gaiztakeria baita. 5 Eta badakizue, bekatuak kentzeko agertu zela Kristo, eta harengan ez da bekaturik. 6 Harekin bat eginik dagoenak ez du gehiago bekaturik egiten. Bekatu egiten duenak hura ez duela ez ikusi, ez ezagutu, erakusten du.

7 Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engaina. Jainkoaren nahia egiten duena zuzena da, Kristo zuzena den bezalaxe. 8 Bekatu egiten duena, berriz, deabruarena da*, hasieratik ari baita deabrua bekatu egiten. Hain zuzen, honetarako agertu zen Jainkoaren Semea, deabruaren egintzak deusezteko. 9 Jainkoarengandik jaio denak ez du bekatu egiten jarraitzen, mezuaren hazia bere barruan baitu; ezin du gehiago bekaturik egin, Jainkoarengandik jaioa delako. 10 Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba, eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba.

Elkar maitatu

11 Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula; 12 ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen. Eta zergatik hil zuen? Beraren egintzak gaiztoak zirelako, eta anaiarenak zuzenak.

13 Ez harritu, senideok, mundukoek gorroto badizuete. 14 Guk badakigu heriotzatik bizira iragan garena, eta hau jakin, senideak maite ditugulako dakigu. Maite ez duena heriotzaren menpe dago. 15 Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez duena.

16 Maitasuna zer den, Kristok gure alde bizia eman duelako jakin dugu. Guk ere senideen alde behar dugu geure bizia eman. 17 Norbaitek lur honetako ondasunak baditu eta, bere senidea premian ikusirik, ez badio errukiz laguntzen, nola izan dezake bere baitan Jainkoaren maitasunik? 18 Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta egiaz baizik.

19 Horrelaxe jakingo dugu egiarenak garela, eta lasaitu ahal izango dugu geure barrua Jainkoaren aurrean; 20 zeren eta geure kontzientziak kondenatzen bagaitu ere, gure kontzientziaren gainetik baitago Jainkoa eta dena ezagutzen baitu. 21 Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana, 22 eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten.

23 Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala. 24 Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.

Kristoren Espiritua eta etsaiaren espiritua

4,1 Ene maiteok, ez fidatu edozeinekin; aztertu lehenengo Jainkoarengandik datorren ala ez, sasiprofeta asko sortu baita munduan. 2 Honela jakingo duzue norbaitek Jainkoaren Espiritua duen ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen duenak Jainkoaren Espiritua du; 3 Jesusen izaera hau ukatzen duenak*, ordea, ez du Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baizik. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela; hara bada, munduan da jadanik.

4 Seme-alabatxook, zuek Jainkoarenak zarete, eta garaituak dituzue sasiprofeta horiek, zuengan dagoena munduan dagoena baino handiagoa baita. 5 Mundukoak dira horiek; horregatik, munduaren arabera mintzo dira, eta mundukoek entzun egiten diete. 6 Gu, berriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen duenak entzun egiten digu; Jainkoarena ez denak, aldiz, ez digu entzuten. Honetatik atera dezakegu nork duen egiaren espiritua eta nork gezurraren espiritua*.

Maite duenak ezagutzen du Jainkoa

7 Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa. 8 Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita*. 9 Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun. 10 Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna.

11 Ene maiteok, Jainkoak horrela maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dugu elkar. 12 Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; elkar maitatzen badugu, Jainkoa gurekin bat eginik dago eta beraren maitasuna bere betera iritsi da guregan. 13 Jainkoa eta gu elkarrekin bat eginik gauden seinalea hau da: berak eman digun Espiritua. 14 Eta guk ikusia dugu eta aitortzen Aitak Semea bidali zuela munduaren salbatzaile. 15 Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzen duenarengan dago Jainkoa eta hura Jainkoarengan. 16 Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin. 17 Hau da maitasuna guregan bere betera iritsi den seinalea: auzi-egunerako guk konfiantza osoa dugula; Kristoren izaera berekoak baikara mundu honetan. 18 Maitasunean ez dago beldurrarentzat tokirik, baizik eta maitasun beteak kanpora botatzen du beldurra, beldurra zigorra espero duenari baitagokio; beldur dena ez da maitasun betera iritsi.

19 Beraz, maita dezagun, Jainkoak maitatu baikintuen lehenik. 20 «Jainkoa maite dut» esan eta senideari gorroto diona gezurti da; izan ere, ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa. 21 Hauxe da harengandik hartu dugun agindua: Jainkoa maite duenak maita dezala bere senidea ere.

Sinesmenak mundua garaitu

5,1 Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu. 2 Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna. 3 Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak, 4 Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da. 5 Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik?

6 Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik*. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita. 7 Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak*: 8 Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz. 9 Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza. 10 Jainkoaren Semearengan sinesten duenak bere baitan du testigantza hori; Jainkoari sinesten ez dionak, berriz, gezurti egiten du bera, ez baitu sinesten Jainkoak bere Semearen alde egin duen testigantza. 11 Hauxe da testigantza: Jainkoak betiko bizia eman digula, eta bere Semearen bidez eman ere. 12 Semea berekin duenak bizia du; Jainkoaren Semea ez duenak ez du bizirik.

Azkena: konfiantza osoa

13 Zuei, Jainkoaren Semearengan sinetsi duzuenoi, idatzi dizkizuet gauza hauek, betiko bizia duzuela jakin dezazuen.

14 Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula. 15 Eta, gure eskariak entzuten dituela jakinik, ziur gaude eskuan daukagula eskatutako guztia.

16 Norbaitek, heriotzara ez daraman bekaturen bat egiten ikusten badu bere senidea, egin beza otoitz eta Jainkoak bizia emango dio; heriotzara ez daraman bekatua egiten dutenei buruz diot hau. Izan ere, bada heriotzara daraman bekatua* ere, eta ez dut esaten horren alde eskatzeko. 17 Gaiztakeria oro bekatu da, baina bada heriotzara ez daraman bekaturik.

18 Badakigu Jainkoarengandik jaio denak ez duela bekatu egiten, Jainkoaren Semeak* zaintzen baitu, eta Gaiztoak ezin dio inolako kalterik egin. 19 Badakigu Jainkoarenak garela eta mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela.

20 Badakigu Jainkoaren Semea etorri dena eta adimena eman diguna egiazko Jainkoa ezagutzeko. Egiazko Jainkoarekin bat eginik gaude, beraren Seme Jesu Kristorekin bat eginda egonik. Hauxe dugu egiazko Jainkoa* eta betiko bizia.

21 Seme-alabatxook, ibili kontuz idoloekin.

02_PEDRO

Agurra

1,1 Nik, Simon Pedrok, Jesu Kristoren zerbitzari eta apostolu honek, zuei idazten dizuet, gure Jainko eta Salbatzailea den Jesu Kristoren* salbamen-indarrari esker gurea bezain fede baliotsua iritsi duzuenoi. 2 Grazia eta bakea oparo izan ditzazuela, Jainkoaren eta Jesus gure Jaunaren ezagutzari esker.

Kristau-bokazioa

3 Jainkoak, bere ahalmenaz, erlijio-bizitzarako behar den guztia eman digu, bere aintza eta indarraz deitu gintuen Jesus ezagutaraziz. 4 Honela, agindutako ondasun baliotsu eta bikainak ere eman dizkigu, grina txarrek munduan eragiten duten ustelkeriatik ihes eginez, Jainko-izaeraren partaide izan zaitezten. 5 Horregatik, saia zaitezte gogoz zeuen fedearekin batera bertutea izaten, bertutearekin ezagutza, 6 ezagutzarekin neurritasuna, neurritasunarekin eramanpena, eramanpenarekin jainkozaletasuna, 7 jainkozaletasunarekin senide-batasuna, eta senide-batasunarekin maitasuna.

8 Jarrera hauek guztiak zuengan gero eta gehiago indartzen badituzue, lagungarri izango dituzue eta Jesu Kristo gure Jauna gero eta hobeto ezagutzera eramango. 9 Baina jarrera horiek ez dituena itsua eta bista motzekoa da, ahaztu egin baitu garbitu egin duela Jainkoak bere lehenagoko bekatuetatik. 10 Senideok, Jainkoak deitu eta aukeratu zaituzte: saia zaitezte egoera hori sendotzen; hori eginez gero, ez duzue sekula huts egingo, 11 eta zabal-zabal irekiko zaizkizue Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailearen betiko erreinuko ateak.

Apostoluen testigantza eta profeten hitzak

12 Horregatik, ez naiz aspertuko zuei gauza hauek gogorarazten, nahiz eta zuek jakin eta irakatsi zaizuen egian sendo egon. 13 Izan ere, bidezko iruditzen zait, mundu honetan bizi naizen* bitartean, zuek bizkortzea zenbait gauza gogoratuz, 14 badakit eta, laster utzi beharko dudala mundu hau, Jesu Kristo gure Jaunak agertu didanez. 15 Baina ahalegin guztiak egingo ditut, gauzok beti, bai eta ni hil ondoren ere, gogoan izan ditzazuen.

16 Jesu Kristo gure Jaunaren ahalmenezko etorrerari buruz hitz egin genizuenean, ez ginen oinarritu irudipenezko ipuinetan, geure esperientzian baizik, geure begiz ikusi baikenuen haren handitasuna. 17 Jesusek Jainko Aitarengandik hartu zituen ohorea eta aintza, honela esan baitzion Jainkoaren ospe bikainetik etorritako mintzoak: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut nik atsegin». 18 Guk geuk entzun genuen zerutik etorritako mintzo hori, mendi santuan Jesusekin geundela.

19 Badugu profeten hitza ere, hitz guztiz sendoa, eta zuek ederki egiten duzue hitz horri adi-adi egonez: toki ilunean argi egiten duen kriseilua bezala da zuentzat, eguna zabaldu eta goizeko izarra zuen bihotzetan jaiki arte. 20 Baina, aurrez, hau jakin behar duzue: ezin dituela inork Liburu Santuetako profeziak bere kontura adierazi. 21 Izan ere, antzinako profetek ez zuten beren kabuz hitz egin, baizik eta, Espiritu Santuak gidaturiko gizonak zirenez, Jainkoaren partetik hitz egin zuten.

Sasimaisuak sortuko

2,1 Israel herrian sasiprofetak izan ziren bezala, zuen artean ere izango dira sasimaisuak, doktrina kaltegarriak zabaltzen saiatuko direnak. Salbatu zituen Jauna ukatu egingo dute, eta berehala ekarriko dute beren gainera hondamena. 2 Jende askok jarraituko die beren jokabide biziotsuan, eta, horiek direla eta, gaitzetsia izango da kristau-bidea*. 3 Diru-goseak eraginda, irabazia lortu nahiko dute hitz maltzurrez, baina aspaldidanik dago erabakita haien kontrako epaia, eta zain dute hondamena.

Sasimaisuen zigorra: iraganeko adibideak

4 Jainkoak ez zien barkatu bekatu egin zuten aingeruei, eta, infernuko* barrunbe ilunetara jaurtikiz, han utzi zituen auzirako gordeta. 5 Antzinako munduari ere ez zion barkatu, baizik eta uholdea bidali eta jende gaizto hura suntsitu egin zuen, nahiz eta Noe —bere bizitzan zintzotasuna erakutsi zuena— hondamenditik libratu beste zazpi lagunekin. 6 Sodoma eta Gomorra hiriak ere kondenatu egin zituen eta erraustu, gerora izango ziren gaiztoen eskarmenturako. 7 Baina Lot zintzoa onik atera zuen, jende gaizto haren biziera biziotsuak saminez betetzen zuelako. 8 Gizon zintzo hau gaizkile haien artean bizi zen, eta egunero ikusi eta entzun behar izan zituen itsuskeriek atsekabez betetzen zioten bere bihotz zintzoa. 9 Izan ere, badaki Jaunak gizon zintzoak probalditik ateratzen eta gaiztoak auzi-egunean zigortzeko gordetzen, 10 batez ere, haragizko grina zikinen atzetik dabiltzanak eta Jaunaren agintea gutxiesten dutenak.

Sasimaisuok harroputz eta ausart dira: inolako beldurrik gabe, maldizioak botatzen dituzte zerutar izakien* kontra; 11 aingeruak berak, ostera, indarrez eta ahalmenez handiago izan arren, ez dira ausartzen Jaunaren aurrean haien kontra irainik esaten. 12 Gizon horiek, harrapatu eta sarraskitzeko sortuak diren adimengabeko animaliak bezalakoak dira: ezagutzen ez dutena madarikatzeagatik, animaliak bezala galduko dira, 13 egindako gaitzaren ordainez gaitza jasoz. Egun-argitan atseginkeriatan ibiltzea dute gogoko; jende nardagarri eta ustel hori lizunkeriatan gozatzen da, zuekin jan-edanean ari diren bitartean.

14 Begiak adulterio-irrikaz dituztela, ez dira bekatuz inoiz asetzen. Pertsona ahulak liluratzen dituzte, eta gutiziarako trebatua dago jende madarikatu hori. 15 Bide zuzena utzirik, galdu egin dira, Bosorren* seme Balaam profetaren jokabideari jarraituz. Honek bidegabeko irabazia irrikatu zuen; 16 baina izan zuen bere bidegabekeria aurpegiratu zion norbait: hitzik ez duen asto batek, giza ahotsez mintzatuz, profetari bere asmo zoroa galarazi zion.

17 Gizon horiek urik gabeko iturri dira, ekaitzak eramaten duen laino. Ilunpe beltzak dauzkate zain. 18 Hots handiko hitzaldi hutsak egiten dituzte eta grina lizunen bitartez okerbidetik aldendu berriak liluratzen. 19 Libre izango direla agintzen diete, berak bitartean gaiztakeriaren esklabo direlarik, zeren eta noren menpean jarri, haren* esklabo baita gizakia. 20 Izan ere, Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailea ezagutu eta munduko lohikeriei ihes egin ondoren, berriro haietara erortzen direnentzat, azkenengo egoera hau lehenengoa baino okerragoa da. 21 Hobe zuketen salbazio-bidea sekula ez ezagutzea, ezagutu eta gero, hartu zuten lege santutik* atzera egitea baino. 22 Horiengan betetzen da esaera zaharrak hain egoki dioen hau: Txakurra ok egin eta botatakora itzultzen da eta «Txerri garbitu berria lokatzetara».

Jaunaren eguna agindu bezala etorriko

3,1 Ene maiteok, egiten dizuedan bigarren gutuna* dut hau. Eta biotan zenbait gauza gogoratuz bizkortu nahi izan zaituztet, zuzen irizteko gai izan zaitezten. 2 Gogora itzazue, beraz, antzinako profeta santuen mezua eta apostoluek irakatsitako Jaun eta Salbatzailearen agindua. 3 Jakizue, batez ere, azken garaietan gizon isekariak, beren grina txarrei jarraituz biziko direnak, etorriko direla. Eta irriz 4 galdetuko dute: «Zertan gelditu da Kristo etorriko zela zioen agintzaria? Izan ere, gure gurasoak* hil ziren, eta geroztik denak berdin jarraitzen du, mundua mundu denetik bezalaxe». 5 Hori esatean, ahaztu egiten dute aspaldi bazirela zeruak, eta bai eta lurra ere, Jainkoaren hitzak uretatik sortarazia eta uren erdian finkatua; 6 horregatik, orduko mundua, uholdeko urek estalirik galdu zen. 7 Oraingo zeru-lurrei dagokienez, Jainkoaren hitz berberak eusten die, eta epai- eta gaiztoen hondamen-egunerako gordeak daude.

8 Ene maiteok, ez ahaztu, Jaunarentzat egun bat mila urte bezala dela, eta mila urte egun bat bezala. 9 Jauna ez da bere agintzaria betetzeko luzamendutan ari, batzuek hala uste izan arren; gertatzen dena da pazientzia duela zuekin, ez baitu inor galtzerik nahi, denok bihozberritzea baizik. 10 Baina Jaunaren eguna lapurra bezala ustekabean etorriko da. Orduan, burrunba handiz desagertuko dira zeruak, munduaren osagaiak suak kiskalita desegingo eta lurra bere egintza guztiekin agerian geldituko da Jainkoaren epairako*.

Itxaropenean erne eta fede-bidean leial

11 Dena honela desegitekoa baldin bada, pentsa ezazue zein santu eta jainkozale izan behar duen zuen bizitzak. 12 Bizi, bada, Jainkoa etorriko den egunaren zain eta lan egin lehenbailehen irits dadin. Egun hartan, sutan desegingo dira zeruak, eta munduaren osagaiak kiskalita ezereztuko dira. 13 Gu, ordea, agindutako zeru-lur berrien zain gaude; han dena Jainkoaren nahiaren arabera izango da*.

14 Beraz, ene maiteok, gauza hauen zain zaudeten bitartean, saia zaitezte Jainkoarekin bakean bizitzen, garbi eta errugabe haren aurrean. 15 Kontuan izan, Jaunak gurekin duen pazientzia gure salbamenerako dela. Horrela idatzi dizue gure anaia maite Paulok ere Jainkoak eman dion jakinduriaz, 16 eta gauza bera esaten du gai hauetaz hitz egiten duen bere gutun guztietan; egia da bere gutunetako zenbait pasarte ez dela ulerterraza, eta, horregatik, ezjakinek eta heldugabeek oker ulertzen dituzte, gainerako Liburu Santuak bezala*, beren hondamenerako.

17 Zuek, ene maiteok, aldez aurretik jakinaren gainean zaudete. Beraz, zabiltzate kontuz, gaizto horien iritzi okerrek liluraturik, zuen sendotasuna koloka ez dadin. 18 Saia zaitezte Jesu Kristo gure Jaun eta Salbatzailea gero eta gehiago ezagutzen eta haren onginahia zeuenganatzen. Aintza berari orain eta beti. Amen.